XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoako bertsolari txapelketako saiorik ez herrian

Azkoitian burutuko da final laurdenetako proba

Aspaldidanik burutu gabe bazegoen ere, aurtengoan eta bertso txapelketa nagusiko sailkapenari begira Gipuzkoako txapelketa burutuko da.

Txapelketa honetako antolatzaileek final laurdenetako saioa gure herrian egitea pentsatu bazuten ere Udaletxeko kultur arduradunak proba honi buruz azaldutako jarreraren ondoren Azkoitian izango da azkenean Azpeitian antolatzeko asmoa zen final laurdenetako saioa.

Proba nagusi honetako antolatzaileen nahia gure herrialdean zehar ahalik eta toki gehinetan bertso saio bat eskeintzea zen eta era honetan kanporaketak Antzuolan, Deban, Usurbilen, Aretxabaletan eta Hondarribian izango dira, final laurdenak Beasain, Azkoitia, Oiartzun eta Eibarren, final erdiak Tolosan eta Oñatin eta abenduak 22ko finala Donostian.

Final laurdenetako proba baino hobe ezer ez

Gure herrian burutu asmo zen proba hau azaroak 17ko igandean izango da Azkoitian.

Hasera batean Udaletxeko arduradunekin hitzegin eta ez zegoen inolako eragozpenik, alderantzizkoa baizik, horrelako proba bat edozein bazterretan izaten bait da onartu eta estimatua.

Gauzak horrela ziren unean, joan de astean bertso txapelketa honetako antolatzaileek Udaleko kultura arlotik hain zuzen, telefono dei bat jaso zuten, beronen arabera Azpeitiak final laurdenetako saioa baino zerbait gehiago merezi zuen, azken txapelketako finalean hiru azpeitiar zirela lehian eta gutxienez finalerdirako proba bat Azpeitian izan behar zuela, edo agian zergatik ez, finala.

Honez gain udaletxeko kultur arduraduna den Eusebio Larrañagaren ustetan, final erdi edo finaleko proba ez bada, hobe Azpeitian txapelketako bertso saiorik ez izatea.

Azkoitiko Udalak berehala luzatu zuen baimena

Bertso txapelketako antolatzaileek eta Eusebio Larrañagak azaldutako jarreraren aurrean ez zuten beste aukerarik izan, telefonoa hartu eta Azkoitiko udaletxera deitu zuten, bertako alkatearekin hitzegin eta hamar minututara aurtengo txapelketan gure herrian burutzeko asmoa zen final laurdenetako saio Azkoitira pasatu zen.

Antolatzaileen ustez bertsoen munduak hedatua eta zabala behar du izan, ez gune garrantzitsu batean kokatu beharrekoa.

Loiolako kupula inguruan diharduena baino zerbait herrikoiagoa izan ohi da beti ere bertso txapelketa, nahiz eta zenbait agintariren eritziz dena San Inazioren gerizpenan gordeta izan behar.